Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Dena prest bihar Udaltopi ekiteko

2016·04·20


Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketei, ostegunean emango zaie hasiera Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaularitzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen duten Eudelen, Euskadiko Udalen Elkartearen, Euskarabidearen, Euskararen Nafar Insitutuaren, eta Uemaren, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen laguntzarekin.

Udaltopen zortzigarren edizioan gazteak, kirola eta euskara hartuko dira hizpide. Hain zuzen, Kirola D ereduan noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko? galderei erantzutea da xedea eta bi egunez 8-16 urte artekoen kirola izango da hizpide, gazteen kirolean euskarak duen egoera aztertuz: antolamendua, araubidea, eskola kirola, kirol eskolak, praktika onak edota etorkizunerako erronkak. Oinarri teoriko eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako errealitateak tartekatuko dira oholtza gainean. 

Ekitaldian, hizlarien eta parte-hartzaileen artean Euskal Herriko txoko guztietako 190 pertsona inguru bilduko dira: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako kirol teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak.

Hamar hitzaldi eta bina mahai inguru eta elkarrizketa

Egitarau oparoa osatu dute aurtengo edizioarako: hamar hitzaldirekin, bi mahai ingururekin eta bi elkarrizketarekin. Berrikuntza nabarmenena bazkal ostean egingo diren bi mahai inguruak izango dira. Halaber, lehenengo aldiz hizketaldi guztien gidari bat izango da, Ibon Gaztañazpi kazetari, aurkezle eta arraunlari ohia.

Horiek guztiak hasi aurretik, ordea, hasiera ekitaldi ofiziala izango da eta bertan izango dira Jesus Zaballos, Lasarte-Oriako alkatea; Jon Antxordoki, Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakaria; Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia eta Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.