Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Zer berri?

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Datorren urtera arte agurtu da Udaltop

2018·05·18


Amaitu dira Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak. Aurtengoan beren hamargarren urteurrena ospatuz sorpresaz betetako jardunaldiez gozatzeko aukera izan dute parte hartzaileek. Agurra ere berezia izan da, txelo baten soinuaz emanaldiarekin agurtuta, Pello Ramirezen, biolontxelo-jolearen, eta Uxue Alberdiren, bertsolariaren, melodia eta hitzen azpian. Ederra bezain hunkigarria izan da.

Gaur, ostirala, arreta berezia bereganatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin lantzen ari diren “Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak” proposamen berriak. Dena den, goiza, Pello Jauregiren “Hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora” hitzaldiak zabaldu du.

Proposamenaren aurkezpenak ekarpen lanerako aukera izan du eta Udaltopeko parte hartzaileek beren ekarpenak egiteko aukera izan dute horretara bideratu den saioan. Lantegiek bide eman die Ane Barrusoren eta Estepan Plazaolaren “Maleta bete belarritako” eta Ainhoa Mendibilen eta Jon Ander Loidiren “Eta PRESTatzen badugu lan mundua?” hitzaldiei.

Parte hartze handia

270 partaide inguru, inoizko parte hartzerik handiena eskuratuta, bederatzi hitzaldi, proposamen berri baten aurkezpena, proposamenari ekarpenak egiteko saioa, ekarpen lanak, amaiera ekitaldia eta sorpresak, hamargarren edizio honetako zutarri nagusiak.

Bi egunez, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean elkartu diren  Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak hizkuntza-ohiturak aldatzeko bideen, esperientzien eta ikerketen berri jaso dute. Orain, bertan ikasitakoa praktikan jartzea izango da hurrengo urratsa.

Euskaraldia 2019

Euskaraldiak 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra proposatutako ariketaz gain, 2019 urterako diseinatzen hasia dagoen Euskaraldiaren bigarren edizioaren lehen oinarriak jarri dira Udaltop topaketaren bigarren egun honetan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkari Estibaliz Alkortak eta Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek aurkeztu dute lehen proposamen hori "Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak" titulua izan duen hitzaldian.

Aurten hiztunekin egindako ariketari datorren urtean era guztietako entitateen babes neurriak gehituko zaizkiela azaldu dute eta hizkuntza ohituren aldaketan erakunde, enpresa eta bestelako entitateek duten garrantzia azpimarratu. Udaltopen parte hartzen ari diren guztien ekarpenak jasota, udararteko epea jarri dute 2019ko Euskaraldia irudikatzen jarraitzeko.