Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Aurtengo edizioarenak egin du, datorren urtean gehiago

2016·04·22


Bukatu da Udaltopen zortzigarren edizioa. Bi egunez, gure gaztetxoen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko gakoak eman dituzte zenbait adituk eta Euskal Herrian barrena martxan diren hainbat esperientzia kontatu dizkigute Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritako hizlariek.

Jarrerak, jokaerak, antolamendua, araubidea –eta bi horietan egin daitezkeen moldaketak–, eskola kirola, kirol eskolak, ikerketak, praktika onak, mahai inguruak… denetarik izan dugu. Eta aurreko edizioan hartutako bideari segika, ondorioak eta proposamenak.

Maite Etxanizek eta Iratxe Aranburuk, hurrenez hurren Zarauzko Udaleko Euskara eta Kirol zuzendariak, bi egunetan entzundako jaso, eta amaieran konpartitu dute. Ondorioen eta proposamenen txanda izan da.

Besteak beste, ondorioen tartean honakoa nabarmendu dute: “8-16 urte bitarteko gaztetxoari eskolan euskara ikasi bitartean euskaraz bizi dadin, esparruak euskaraz eskaintzea zor diogu, bestela ez da elebidun oso bihurtuko. Kirola esparru horietako bat da”.

Lankidetzaren beharra dagoela ere ondorioztatu dute: “Administrazioa, klubak, federazioak eta bestelako sinergiak beharrezkoak dira, sarea osatu beharra daukagu. Zentzu horretan, Udaltop inflexio puntua izan daiteke, abiapuntua”.

Proposamenak

Udaltopen zortzigarren edizioa etorkizunerako proposamen edo erronkekin amaitu da. Maite Etxanizek eta Iratxe Aranburuk bost gako aipatu dituzte:

  1. Erakunde guztiek eskola-kirola euskararentzat eremu normalizatua izateko adostasuna bilatzea, bere eskumenen esparruan eta harremana duten eragileekin bereziki.
  2. Lege orokorrak osatzea euskarari segurtasun juridikoa emateko –une honetan EAEn Kirol arloko lanbideetan sartzeari buruzko Lege Proiektua osatzen ari da–.
  3. Foru Aldundi eta Udalek ematen dituzten diru-laguntzetan, sinatzen dituzten hitzarmenetan eta programetan eskola-kirola euskaraz izateko hizkuntza baldintzak ezarri eta betearaztea,
  4. Kirol eskolak sortzeko baimenetan eragin ahal izateko azterketa juridikoarekin jarraitzea.
  5. Neurriak hartzearekin batera, adostasun zabal horretan parte hartuko duten erakundeek eskola-kirola euskaraz egiteak dituen onurak gizarteratzeko sustapen lana osatu eta indartzeko konpromisoa hartzea.

Topagunea Gaizka Garitanori egindako elkarrizketaren bideoarekin amaitu da, Gaizka Garitanorekin solasean.

Gaizka Garitano - Udaltop 2016 from Udaltop on Vimeo.