Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

“Gizartea aktibatzeko herri-administrazioaren eta euskalgintzaren elkarlana ezinbestekoa da”

2017·05·11


Abian dira Udaltop jardunaldiak, Udaletako Euskara Zerbitzuen arteko topaketak, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aurtengoan beren bederatzigarren urtemuga ospatuko dute, Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa? izenburupean.

Aurtengoek, gainera, badu zerbait berezia, inoizko parte hartze handiena bilduko baitute jardunaldiek; bi egunez, 275 pertsona inguru pasako dira Lasarte-Oriatik; Arabako, Gipuzkoako Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak. Marka guztiak hautsiz dator aurtengoa.

Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak, Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak eta Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak abiatu dute edizio berri hau, Reyes Prados kazetariaren gidaritzapean, hizkuntza ohituren inguruan erreferente den Sevillako euskalduna.

Zaballosek ireki du Udaltop 2017 eta Lasarte-Orian izandako esperientziaz jardun du, Euskararen Maratoiaren ondoren egindako “Baietz 40 egun euskaraz” erronkaren inguruan. “Gizartea aktibatzeko herri-administrazioaren eta euskalgintzaren elkarlana ezinbestekoa da eta baita euskaraz ulertzen dutenak aktibatu eta lehen planoan jartzea”, adierazi du.

Antxordokik, Zaballosek irekitako bideari jarraipenak emanaz, ekimenaren inguruko bere bizipena eman du ezagutzera: “Ni Ahobizi izani nintzen. Horrek esan nahi du konpromisoa hartu nuela euskaraz ulertzen zuten nire harreman sareko kide aukeratuekin eta ezezagunekin astebetean euskaraz egiteko. Kasu batzuetan, gainera, niri egunerokoan euskaraz egitea lortu dut”, azpimarratu du. Irizarrek ulermenean jarri du gakoa eta guztiok dugula erantzukizuna nabarmendu du. “Ahobiziak, belarriprestak... guztion esku dago”.

Jarraian Dobaranek hartu du hitza, euskarak azken hamarkadatan eman dituen aurrerapauso nabarmenak azpimarratuz. “Gaur egungo testuinguruan, euskarak dituen hiztun aktibo zein pasiboak kontuan hartuta, jauzi nabarmen bat emateko aukerak egon daitezke. Baina hori lortzeko asmatu egin behar dugu eta arriskatu. Aktibazioa ezinbestekoa da, eta egiten diren ikerketa guztiek hizkuntza ohituretan eragin behar dugula diote. Horretan gaude. Euskalgintza soziala eta instituzionala elkarlanean ari gara, elkarren beharra dugulako erabileran pauso nabarmenak eman ahal izateko”, azaldu du.

Osteguneko bidai luzea Katalunian hasiko dugu, Miquel Strubell i Truetak, soziolinguista katalanak, eskainiko duen ponentziarekin. Strubellek hizkuntza ohituren aldaketen testuingurua aurkeztuko du.

Jarraian, Euskal Herriko mapara egingo dugu salto, Aguraingo 75 ordu euskaraz edota Lasarte-Oriako 40 egun euskaraz esperientziak bertatik bertara ezagutzera, Asier Lafuenteren, 75 ordu euskaraz ekimenaren antolatzailearen, eta Pello Jauregiren, EHUko irakaslearen eta Hezkuntza Zientziatan Doktorearen, eskutik. Goiza, Xabier Aierdiren, EHUko irakaslearen, Ulermenaren mapa. Nola aldatu diren gauzak, kamarada! hitzaldiak itxiko du. Euskaraz hitz egiteko gai diren eta euskaraz ulertzeko gai diren herritarrekin osatutako mapa izango da hizpide.

Aurreko edizioan hartutako bideari jarraipena emanez, Onintza Iruretak, Argiako kazetariak eta Garikoitz Goikoetxeak, Berriako kazetariak gidatuko dituzte mahai-inguruak osteguneko bazkalostean. Euskaldunak aktibatzeko esperientzien jarraipena nola egin? eta euskaldunak aktibatzeko esperientziak zein beste esparrutan aplika daitezke? galderei erantzuna ematen saiatuko dira parte hartzaileak.